<< Literatura, bizitzeko modua besterik ez da >> J. Sarrionandia

2005-03-29

Nire Aste Santuko amesgaiztoa

Aste Santuan idatzi neban ipuin berezi hau nire lagun bateri eskeintzen deutsat bera izan zalako ipuineko esaldi ederra esan eustana eta ezagutu dodan pertsonarik onenetarikoa dalako:

Beldur naiz. Aste Santua heltzeko irrikitan nengoen, baina orain heldu eta amesgaizto bilakatu zait. Batzuek uste dute egiten dutena ederto dagoela, baita perfektuak direla ere; baina perfektutasuna existitzen al da? Ni ez nago hain seguru. Horregatik, pertsonak garelako eta mundu honetan bizi garelako, akatsak egiten ditugu; bizitzan egin ditugunak onartu besterik ez ditugu egin behar eta horrela, esan ohi den legez: “akatsetatik ikasi”.

Hau ez du edonork betetzen, badira pertsonak, zeinentzako zaila den zer edo zer egiten dutenean txarto dagoela onartzea. Ez al da horrela? eta bitartean, besteok: ez al dugu inoiz pentsatu ez dugula ezer ez egin, baina, hala ere, errudunak garela? Inpotentzia sentitzea oso goibela da. Harria gainean erortzen zaizu, zapaltzen zaitu, barnean arimarik ez, indarrik ez, amets egitea da geratzen den parada bakarra. Baina ametsa ere gaiztoa bada?

Utzi ditzagun hauek guztiak alde batera, eta tira, bizitzan ere badago zoriontsu izateko arrazoia. Jakin badakizue paperak ukabilari erronka egin diola beti eta haren kontra irabazi, “harria, papera edo artazia” jolasa gogoratzen?

Ezin ahaz dezaket egun batean lagun berezi batek esan zidan esaldi ederra: “onena eskaintzen deutsazu bizitzari eta bizitzak emongo deutsu merezi dozuna”. Ireki behingoz begiak garuna erabiliz, ez diezaiogun ikusmenari errealitatea ukatu; berak ez du merezi.

Egun batzuk pasatu dira Poesiaren Nazioarteko eguna izan zenetik, hori dut bizitzeko beste arrazoi bat. Eta maite dut, eta ez dakit nor, baina maite dut, eta gauero itxaroten zaitut ametsetan. Idazlan hau bukatuko dudanerako, baliteke nik hainbeste laket dudan hori aurkitzea. Zabal eta anbiguoa, fikzioa eta errealitatea biltzen dituena; saiatuta ere ezin dezakegu ahantzi, denok behar dugun zerbait da, bizia sortarazten digun tontor amaigabea baita hamaika hitzen sortzailea.

2005-03-28

Torturari stop!!!

Arantzaren bitakoran oso artikulu interesgarri bat aurkitu neban, hamen torturatuen testigantzak irakur daikezuez:


Ainara fresneda (Guardia Zibilak 2001eko martxoan atxilotua, preso dago)

Deklaratu behar nuena buruz ikasarazi zidaten.

Gerriz gora biluzi ninduten, eta titiak ukitzen zizkidaten, galdetzen zidaten nire mutilari nola gustatzen zitzaion. Ni beti zutik, eta telefono liburu batekin jotzen ninduten, edo antzeko zerbaitekin. Ziegara eraman ninduten, eta han zutik eta poltsa buruan egon behar izan nuen. Gero beste gela batera eraman ninduten, eta mehatxu egiten zidaten nire familiarekin, haurdun neukan ahizpa eramango zutela, poltsa ipini zidaten, eta berriro buruan eta kolpeka hasi zitzaizkidan. Pixa eta kaka egin nuen galtzetan. Deklaratu behar nuena buruz ikasarazi zidaten.

Joxe Anjel altzuguren (Guardia Zibilak 2001eko martxoan atxilotua, preso dago)

Gorputz osoa busti eta deskarga elektrikoak eman zizkidaten.

Eman zizkidaten jipoiak eta egin zizkidaten torturak ugari izan ziren. Beraiek nahi zutena esan nuen arte horrelaxe. Haietako batek eskuak belarrietan ipini eta altxa egin ninduen lurretik. Min izugarria eman zidan ezkerreko belarrian, eta geroztik gutxiago entzuten dut belarri horretatik. Beste batean gorputz osoa busti eta deskarga elektrikoak eman zizkidaten urdailean. Zauriak egin zizkidaten oinetako behatzetan, odoletan neuzkan. Epailearen aurrera galtzerdiekin joan behar izan nuen, ezin bainituen zapatilak jantzi.

Leire Gallastegi (Guardia Zibilak 2001eko otsailean atxilotua, preso dago)

Ama atxilotzea, elektrodoak edo makila jarri zidaten aukeran

Momentu batean mahai gainean zeuden hiru gauzen artean aukeratu behar izan nuen: amaren atxilotze agindua, elektrodoak eta erratzaren makila. Nik azkenekoa aukeratu nuen, esku artean jarri zidaten, zer zetorkidan imajinatzen hasteko. Arroparen jokoa hasi zen, eta behin baino gehiagotan gerritik gora biluzik geratu nintzen. Kalabozora eraman ninduen batek, eta bertan eskuak kolkotik sartu zizkidan titiak ikutuz eta nire eskua bere barrabiletan jarri zuen oso bero zegoela esanez. Iantzik bezala amaituko nuela esan zidaten.

Iratxe Sorzabal (Guardia Zibilak 2001eko martxoan atxilotua, preso dago)

Buruan poltsa ipini eta titiak igurzten zizkidan guardia zibilak.

Autoan lau guardia zibilekin joan nintzen, eta han eskubideak amaitu zirela esan zidaten. Kolpeak eta kolpeak hasi ziren buruan. Nire eskuinekoa deskarga elektrikoak ematen hasi zitzaidan saihetsean. Ezkerrekoak poltsa ipini zidan buruan, itotzeraino, eta titiak igurtzen zizkidaten aurrekoak buruan jotzen ninduen artean, oihu, irain eta mehatxuka. Pixa egin nuen bertan. Hortzekin poltsa apurtzen saiatu nintzen, eta orduan hiru poltsa jarri zizkidaten batera, eta ezkerreko saihetsetik deskargak ematen hasi ziren. Konortea galdu nuen bi edo hirutan.

Penagarria, benetan, hamen irakur daikezuena. Sentitzen dot gazte hauek jasan behar izan dabena eta espero dot egunen batean munduan torturarik ez egotea, horregaitik hamendik, baita Arantzaren bitakoratik be: TORTURARI STOP!

2005-03-27

Atxilotu batentzako karta

Asteburuan artikulurik idatziko ez nebala esan neutsuen, baina eguenean Aulestiko ezagun bat atxilotu eta Madrilera eroan eben. Gaur esan deuskue bi egun gehiago emongo dauzela inkomunikatuta, baina Euskal Herriko jendeak (Gernikakoak, Aulestikoak, Trapagaranekoak...) ez dau Mikeldi ahazten. Horregaitik, poema hau berari eta preso guztiei eskeintzen deutsiet:




Atxilotu batentzako karta

Gutun bi idatzi
nire bihotza bidaliz
ene nire laguna
ez zaitez triste jarri.

Ni Euskal Herrien
ezin libre sentidu
zu aske izan arte
ni ez naz zoriontsu.

Euskal Herrie urrun
gu bixok gertu
ene lagun kuttune
ezin zaitut ahaztu.

Nire babesa
helduko jatzu
ene lagun maitie
kartan barruen.

Eskutitza ireki
pozik jarri
alaitasuna nagusi
pentsatzen neban nik.

Astiek pasa
barririk ez
ene eskutitza
irakurri zenduenentz.

Urteak izango ote dira
han barruen emongo dozuzenak?!
ADIERAZPEN ASKATASUNA
DA GUK BEHAR DOGUNA!

Egunkariatik hasi
eta Euskal Herriegaz akabo
horixe nahi dabe
ta horixe izango ez dabe.

Gu ahaztu
beharko gaituzte
zu urten ta
guk bixok
askatasuna lortuko dogu.

Geure hizkuntza desagertu
horixe da nahi dabena
baina gu hor gauzen bitartien
horixe da lortuko ez dabena.

Herria da gorputza
hizkuntza da bihotza
ADIERAZPEN ASKATASUNA
DA GUK BEHAR DOGUNA!


Hamen daukazue, aspaldi, nire ahizpak idatzitako poema bat, nik pixka bat aldatu dot eta pasa dan eguenean atxilotu ebezan bi gazteei eskeintzen deutsiet: Mikeldi eta Ikerrentzako. Atxilotuak askatu!

2005-03-25

Amets eginez soilik

Asteburuan ez nazenez etxean egongo, azken idazlan hau bidaltzea ideia ona iruditu jat. Batueraz idatzita dau. Trapagaraneko Burdinibarra institutuko Goazen aldizkarian agertu zan nire idazlan bat dozue; oraindik be nire idazlanen bat irakur daikezue aldizkari horretan. Aupa Goazen, animo eta jarraitu idazten! Hona hamen idazlana:

Inoiz galdetu izan didate poesiaren esanahia zein den, eta nik erantzun diet hitzaren bidezko adierazpen artistikoa dela, hitzen esanahi, soinu zein erritmoaren bidez efektu estetikoa eta irudiak, sentsazioak edo emozioak iradoki nahi dituzten formak sortzean datzana. Zuk galdetuko bazenit poesia zer den, nik erantzungo nizuke zu bizitzea, bai, zu!

Sarritan igartzen da gure hitzek ahalmenik ez dutela, bi hitz ez direla nahiko, gure pentsamendu sakona azaltzeko hutsalak direla. Aurrez aurre, elkarri begira egotean: zelan adierazi geure bihotzen mila sentimenduak? Zaila da benetan, baina nik zeuretzat urratu nituen errekak, presoen iluntasunean izarrak kokatu nituen, marinel zaharrentzako lehorra itsaso bilakatu nuen, umeari jolasa eta ilargiari egunez ez daukan xarma bueltatu nien. Orduan, ortzi berri bat ikusi nuen, maitasun kolore. Eta orain, bizitza bezain beroa dut ahoa; noizbait elkarrekin egongo garelako ustean heriotza bezain txikiak dituzu begiak, beltzak eta aldi berean argiak, gaueko brontzean, egunsentiko zilarrean eta iluntzeko kobrean islatzen baitira.

Zugana, zugana joan nintzenean deabruak tentatu ninduela pentsatu nuen, zu ikusi bezain azkar amoratu eta amodioz beterik esperantza apur bat geratzen zitzaidala. Zergatik egin zinen bihotz honen jabe? Ezin izango zaitut ahaztu, zure amodioak burua galduarazi dit…eta Iparragirrek zioen bezala: “barkatu behar dituzu nire erokeriak, zuri begira daude nire bi begiak eta garbi esango dizut nire ustez egia, zoraturik nauka zure aurpegiak”. Hauxe da egia bakarra. Maite zaitut, zugatik bizitza emango nuke, eta inork honen aurkako edozer esanez gero nire aurka egin beharko luke. Naizen hau naiz, sentitzen dudana naiz. Sentituko ez banu, ez nintzateke ni izango, eta sentitzeagatik, nahiago dut hilda eta zu sentitzea, zu gabe bizitzea baino, nire bizitzaz tiro batez amaitzea ez baita zu gabe bizitzea.

Gauero zure begiak izarren antzera zeruan islatuta, eta ni lo egin ezinik zure aurpegiari begira. Han zaude, zeruko argian, eta ni zurekin egon ezin naizenez argiak noiz gerturatu eta zu ukitu, laztandu eta musukatu da nire ametsik politena.

Horregatik maitea, musuka nazazu, musuka nazazu zuk nahi duzun beste, ametsetan bezala, eta maitatu nazazu, maitatu nazazu zuk nahi duzun beste, geure bihotzek jasango duen beste, gure gorputzak elkarrekin egon daitezen berriro, maite zaitudalako.

GOGORATU: Bihotzaren leloak ez du araurik, sentimenduek ez dute mugarik, denborak ez du garrantzirik, momentuek bakarrik diraute…

Janire Rodriguez (Ikasle ohia)

2005-03-24

Barneko deabrua

Hamen daukazue Euskal Idazkera ikasgaiean azterketa baterako sortu neban idazlana. Urangak, ikasgaieko maisuak, lehenengo esaldi hau emon deustan eta nik idazlana sortu neban. Espero dot zuen gustukoa izatea:

"Esan daiteke gazteon irakurzaletasuna, batik bat euskal literaturarena, ez dagoela osasun onean" (BERRIA-ko Matraka 07n, 2004-XII-1)

Antzina literaturari gaur egun baino garrantzi handiagoa ematen zitzaion. Literatura poesia zen. Norberak bere sentimenduak adierazten zituen, benetako sentimenduak, buru ezezagun horretan gordetzen zuenaren berri. Baina inork ulertu ez! Inork ez zuen poeta edo idazle baten "ilusio literarioa" ulertzen. Orain istorio bat kontatuko dizuet, beharbada ez duzue ulertuko kontatuko dizuedana, baina nire bizitzako egunik tristeena bilakatu zen, orain istorian kontatuko dizuedana:

Hamasei urte nituen idazteari ekin nionean. Egun txarra pasa nuena, eta barruan gatibu nuen deabrua kanporatzeko ahaleginak egin arren, ezinezkoa zen, nere bihotzaren jabe bilakatu eta min ematen baitzidan. Min hura munduan existitzen zen ezjakintasunaren ondorioa zen.

Nire lana aurkeztu behar nuen klasean. Poesia asko gustatzen zitzaidan, horixe baitzen nire barruko deabrua lasaitzeko aukera bakarra. Heldu zen ordua! Guztien aurrean nire poesia irakurri nuen:

Zu gabeko beste egun bet
zu ikusi ezineko beste egune
ta amets eitzen doten bakarragaz
mosu bakar bat emoteagaz...

Nostalgiako beste egun bet
zu gabeko beste egune
magia sentidu gure dotela
bakarrik zugatik bizi...

Distantziegaz bizi beharreko
beste egun bet
ostabe bakardadeko egune
baina soilik konstantziak eragiten dit
zu betikotasunien maitatxie...

Zu barik naueneko beste egun bet
ni barik zauzeneko beste egune
jada zeure neskie barik
zeurie izen gure dot.

Beste zu ikusi gabeko egun bet
zure presentzia gabeko beste egune
zugaz pentsatzen dotenien,
zugandik hurbil egon gure neuke
ta belarrire maite zaitut esatie.

Beste zu gabeko egun bet
zu barik naueneko beste egune
zu barik, zu barik, egunien zu barik
.....................................

Gaur ere ogera noie... ta, mesedez, ez nazala inork esna, ametsetatik at zu barik nauela sentitzie oso zaile da ta...

Klase osoa barrezka hasi zen. Ni lotsatu eta guzti egin nintzen. Ezin nuen ulertu. Zergatik hainbeste barre? Inork ez al zuen poesiaren esanahia ulertzen? Inork ez al zuen inoiz bere barruko sentimenduak kanporatzeko nahia izan? Eskerrak eguna amaitu zela. Ohera sartu nintzen eta gertatutakoari buruz pentsatzen hasi nintzen. Orduan ohartu nintzen, egun horretan deabrua ezagutu nuela. Deabru mingarria, deabru txarra, ilusioaren esanahia ulertuko ez zuen deabrua.

Egunen batean ulertuko didazue, poesia leku guztietan dagoela, pertsona bakoitza poesia dela, bere mundua irudikatzen baitu bere barnean, eta poesia mundua delakoan nago. Poesia ahaztea, nire bizitzaz tiro batez amaitzea bezalakoa litzateke. Ez da justua, gaur egun existitzen den poesia eta orokorrean literaturarekiko gazte askok duten ezjakintasuna. Antzina ezjakintasuna handiagoa zen, baina gaur ere existitzen da eta nik errespetua baino ez dut eskatzen.

Azkenik, arestian esandako guztia kontuan harturik, ondorio gisa esango nuke, arlo guztietan gertatzen den bezala, badirela kontrako eta aldeko pisuzko argudioak, eta bakoitzak bere astoari egiten diola arre komeni zaionaren arabera, jakina.

2005-03-22

Mar adentro...

«Eutanasia, bizitza duinaren azken pausoa izango litzateke; heriotza duina lortzeko oinarri-oinarrizko behar lukeen askatasuna»

Inoiz ez al duzue sentitu zoriontsu zaretela? Nik sentipen hori behar dut droga balitz bezala. Nire eguna heldu da...

“Preferiría estar muerto” gaztelaniaz esaten omen den esaldia; arazoak gertatu eta, dirudienez, esaldi horretara jotzea da errazena, bereziki iragana gogora etortzen denean, etorkizunean gertatuko denaren zain gaudenean, noraezean ibiltzen garelarik, datorrena datorrela, galderak dira nagusi geure buruan. Zer edo nor ote da horren arrazoia? Beharbada, galdera horiek egitearen arrazoi bakarra norbera da.

Nire eguna heldu da. Bizitzeko arrazoirik ez daukat, bizitza polita dela esan ohi da, baina ez da beti horrela izaten, nire kasuan, behintzat, ez. Bizitzeko, askatasuna ezinbestekoa da. Zer gara askatasunik gabe? Ezer ez. Hilda egotearen nahia ez da bizitzako arazoetatik ihes egitea, ez! Hilda egotearen nahia bizitza onartzean datza. Beti ez da horrela izaten, nire kasuan, bai, ordea.

Orain, bizirik nagoela, ez dabil inor kalean eta horrexegatik edo, ozen-ozen entzuten da urak leihoari eusten dion paretaren aurka hartutako erasoa amorrazioz betea. Noizbehinka, leihoaren beste aldea etxolatzat hartu bide zuen herriaren baten kantu leun eta urrunekoa entzuten zen, gauari misterio gehiago eskaintzen ziona eta, halaber, maitagarriagoa bilakatzen zuena. Itsasoaren uraren gainean laino zuri-zuria pausatzen zen, elurra ekartzen baitzuen. Ez zen leihoaz bestaldeko auzo umiletik deiadarrik entzuten. Etxeetan baimenik gabe sartutako hotzak, egunez kalean barrena hedatzen zen algara mututu egin zuela esan zitekeen. Ni ezer ez nintzen. Nirendako, igual-iguala zen bizitza edo heriotza momentu horretan, bizirik irauteko arrazoirik gabeko munduan bizi nintzen. Istripua izan nuenetik, nire bizitzak erabateko aldaketa jasan zuen. Ohean pasatu behar banituen nire bizitzako azken egun luzeak, nahiago hilda egotea. Olerki bat burura etorri zitzaidan, lagun on batek aspaldi idatzia zuen olerkia, heriotzaz mintzatzen zena. "Ene heriotza zeinen beldur dizudan..." hasten zen olerkia, nik ez diot heriotzari beldur! Momentu horretan heriotza ene lagun bilakatu baitzen.



Antzina, eta antzina esaten dut aspaldi gertatu zela iruditzen baitzait, nire hegoek zeru amaigabean murgiltzen ninduten, eta askea nintzelarik hodeien artean ene mundu zoriontsua sortarazten nuen, arazorik gabeko mundua, orain, itxaropenik gabeko munduan murgiltzen hasia naiz, ordea. Bizipoza ezagutu dudala ezin uka dezaket, hegan irten zen txoria bainintzen, txoko berri zein esperientzia berriak bizitu nituelarik. Baina, momentu honetan berandu da, kaiolan dagoen txoriak ez du abesten, ez du hegan egiten, ez dauka bizitzeko esperantzarik, ezta horretarako gogorik ere. Orain loturik nago, bizitzeko gogo ezari loturik.

Denborak ez du beti ez, bakoitza merezi duen lekuan uzten, eta hil baino lehenago, bizi egin nahi nuen arren, gaur nire logelako barroteei loturik nago, horixe izan baitzen erlojuaren orratzek eman zidaten lekua. Triste bizi izan naiz, baina bukatu da urte hauetan zehar nire etxea izan dena desagertuko da orain, nire askatasun nahiak barroteak apurtuko ditu eta librea izango naiz, egun batean izan nintzen legez, askea! Heldu da ordua... normalena bizitzari agurra eskerrak emanez egitea izango zen, baina nire kasuan ez dut uste bizitzari eskerrak eman behar diezaiokedanik, horregatik besterik gabe, agur!

Azken parrafo hau gehitu nahiko nioke artikulu honi, eutanasia pairatu zuen pertsona baten sentimenduak argi adierazten baitira eta honela idatzi dudana hobeto ulertuko duzue (gaztelaniaz dago idatzita):

"...el derecho de nacer parte de una verdad: el deseo de placer. El derecho de morir parte de otra verdad: el deseo de no sufrir. La razón ética pone el bien o el mal en cada uno de los actos. Un hijo concebido contra la voluntad de la mujer es un crimen. Una muerte contra la voluntad de la persona también. Pero un hijo deseado y concebido por amor es, obviamente, un bien. Una muerte deseada para liberarse de un dolor irremediable, también. Ninguna libertad puede estar construida sobre una tiranía. Ninguna justicia, sobre injusticia o dolor. Ningún bien positivo, sobre un sufrimiento injusto..."
(Ramón Sampedro)

2005-03-21

Nazioarteko Poesiaren eguna

Nahikariren Nire begietatik bitakoratik ibili naz gaur eta bat-batean bere azken artikulua irakurri dot: Nazioarteko Poesiaren eguna. Nahikarik gaur Gara egunkaria erosi dau, berak esaten dauen legez: astelehenetan ez baita Berria ateratzen. Eta hara non, kulturako orrialdeetara heldu danean gaur Poesiaren eguna dala irakurri dau. Ez eukon ideiarik ere ez gaur ospatzen zanik, eta nik -esateak lotsa emoten deustan arren- ez dot jakin ere ez. Biok oheratuko gara gaur gauza bat gehiago ikasita :-)

Nahikari, ez neutsun barkatuko ( ;-) ) zure artikuluan Sarrionandia aipatu izango ez bazenu, poesiaren jainkoa da! Nik poesia nobela irakurtzea baino gehiago gustuko dot. Poesia sarritan modu anbiguo eta zabal batean idazten dogu, horrela hartzailea bere mundua irudikatzeko gai izango da, hauxe da poesiatik erakartzen deustana.

Eta zuk esaten dozun legez: "poeta asko daude Euskal Herrian, gazte zein ez hain gazte, gaur zuen egunean zorionak euskal letrak aberasteagatik!". Nik be bardina esan gura neuke, zorionak poesia egiten dozuenoi!

Eta bukatzeko, Nahikarik Sarrionandiaren poema eder baten zati bat jarri dau bere bitakoran, eta nik Sarrionandiaren beste poema bategaz amaituko dot nirea, bere poema guztietatik gehien gustuko dodanagaz alegia:

Inork agintzen ez didalako

Inork agintzen ez didalako dut maite
Maite dudana. Inork agintzen ez didalako ditut
Basamortuak eta izarlokak maite.
Itsasuntzi noragabeak, gauerdiko biolinak,
Ilunabarren margoa, xorino hezurttoen higidura,
Sagarrondoetan eskegiriko bihotz horiak,
Tristura handiegia zaien neskatxak, eta zure irria,
Zure irria ere horregatik bakarrik maite dut.


ZORIONAK POESIA!

Artikulu hau idazteko Nahikariren Nire begietatik bitakoraz baliatu naz

2005-03-20

Gorka Intxaurberen bertso bat

Aurreko artikulua irakurri badozue gogoa eukiko dozue Gorka Intxaurberen zer edo zer irakurtzeko, horregaitik, hamen daukazue bertsolari honek eginiko bertso bat:


Txapelketa bat laburre edadez
ta asmoagaz saridun
Ausardiegaz bete barrue
dakizun danagaz jardun
Izena faltau jako honeri
eta ifini daiogun
Iribazleak sei direz baie
hamaika gazte txapeldun

Saio danatan emon gurean
norberaren balioa
Gura ta ezine bat egiten da
bigarrena nerbioa
Nahiz te batzuten publikoa dan
flan baten kalbarioa
Euren txaloak ta begiradak
direz erremedioa

Batek aurpegi zuri-zurie
besteak argi irria
Batek posture xelebrea ta
besteak aipagarria
Bien artean osotuten da
mikroraino ekarria
Hasibarriek erein daurien
bertsoan hazi barria

Finalerako bidea hartu
gindunez egunen baten
Nahiz eta galdu gure “ratxea”
ez daitela iñoz eten
Baie BBK sukursalakaz
zelango duda dekoten
Hurrungo urtean ia estoskuen
txartel gorririk emoten.

Egilea: Gorka Intxaurbe

2005-03-19

Hamaika gazte txapeldun




Gorka Intxaurbe



Batek aurpegi zuri-zurie
besteak argi irria
Batek posture xelebrea ta
besteak aipagarria
Bien artean osotuten da
mikroraino ekarria
Hasibarriek erein daurien
bertsoan hazi barria

Martiaren 12ko finalagaz amaitu zan aurtengo BBK sariketea. Bizkaiko bertsolari gazteak batzen dauz sariketa honek urterik urte, eurak dira protagonista nagusiak. Guk finalean kantari aritu zan bertsolari gazte horreetako batengana jo dogu, Gorka Intxaurbe zeaniztarrarengana hain zuzen be, finalaren biharamoneko gorabeherak kontau deiskuzan, bertsotan zelan ez.

Gorka Intxaurbe Zeanuriko Uribe auzoko semea da, 21 urte daukaz eta Bilbon bizi da umetatik. Arratiako Tranbiak bere sasoian egiten eban bidea ederto ezagutzen dau, orain arteko bizitza bere Zeani kutunaren eta kapitalaren artean emon dauz eta. Euskal Filologia ikasten ari da Deustun, bigarren urtea dau, eta esan geinke gaur egungo bertsolari gaztearen profilean bete-betean sartzen dala: unibertsitaria eta sortzailea, bertsogintzaz haratago. Literatur zaletasun handia dauka, eta Euskal Filologiako ikaskide batzukaz batera Igela literatur aldizkaria sortu eban, ipuin zein poesia, literatur kritika zein bertso, euren sormenari zabaldutako leiho bihurtu dan hilabetekaria. Hirugarren alea preparetan ei dabiz, eta Gorka ez da taldeko bertsolari bakarra, Amaia Jauregizar gernikarra be ondo ondoan dauka.

BBK sariketako finalean kantau eban Gorkak Arratiako taldeagaz. Durangaldea eukien etsai eta igaz moduan txapelaren ateetan geratu ziran arratiarrak. Durangaldeak irabazi eban, baina Gorkak berak be irabazletzat dauka bere burua, pozik dago aurten be finalean kantau izanagaitik. Eta kantau bizkaieraz kantau eban, oker ez banago eta joan dan asteko Xabi Paiaren kronikea buruan, finaleko dozena bertsolarietatik hamaikak egin eben moduan. Datu horrek berak merezi dau bizkaierearen saria (trankil, ez dot besteen ortuetan porru bila sartu gura eta). Gorkak Zeaniko euskerea darabil, bertsotan be ahozkotik oso gertu. Badaki bizkaieraz kanteteak preparazinoa eskatzen dauela, bizkaiera estandar batera jo beharko dauela lanketa horretan, eta bien bitartean etxetik dakarren ahozko aberastasunez bustiten dauz bertsoak. Guri idatzitakoak be holantxik datoz, natural natural. Aitortu deuskunez, “igual itxidura lar dauz baie zeozer kanbiau gurebozu kanbiau trankil ze Zeaniko euskerea erabiliot eta ez literarioa”. Ez dot ezer aldatu, bere horretan daukielako balioa, eta zergaitik ez esan, hondino ez dogulako erabagi zelako bizkaierea erabili behar dogun bertsotan, ahoz eta idatziz.

Idazlea: Iñaki Aurrekoetxea

Eta nire partez zorionak Gorka, bai zuri, bai Manex Sagarnari (lagun ona), bai bertso-saio horretan parte hartu zenduen danei, lan bikaina egin zenduen eta egiten dozue! Hurrengo finalean ikusi gura deutsuet e! Aupa Arratia!

2005-03-18

Askatasunik gabeko sentimendua

Batzuetan triste gagozanean, pentsatzen hasten gara... eta ez dakigu zergaitik, bat-batean, negarra da ihes egiteko aukera bakarra, eta orduan, mina desagertu egiten da...


Askatasunik gabeko sentimendua

Zerua negarrez dago,
ene begietako ispilu,
malkoak leihotik korrika
nirekin erortzen dira.

Gauero hemen eserita,
nire eserleku hotzean,
argirik distiratsuena ilunena
den lekuan,
ikusi zintudanetik:
gure begiradek
bat egin zuteneko egunean,
lurrak alderantziz egiten zuenean bira,
nire bizitza,
argazki zuri eta beltza zenekoa
kolorez margoztu zen.

Taupadek talka egiten zirauten,
gorrek ere entzun zezaketen,
eguzkiak ostertza ere musukatu
omen zuen eta
orain...
galdua da esperantza.

Nire begien distira
itsuek ere ikusteko gai,
askatasuna eman nahi zuen
arranoa,
baina askatasuna zurea zen,
eta itsua nintzen,
olatu amaigabeak
amaiera zeukala
zirudien, berarekin
dena eramaten zuelarik.

Geratzen zitzaidan bakarra,
nire ametsetatik soberan zegoena,
ilusioaren gainerakoa.

Barrea negarra,
sentimenduak gurutze,
eta zureganako
pentsamendu bakoitza
iltze.

Baina oraindik
zaitut oroimenean:
nire bularreko mina,
egunak pasatzen direneko
askatasun ezean
mingarriagoa da
eta goibeltasuna
gatibu dago ene barnean.

Hau idatzi eta
altxorrak begietatik korrika,
ihesi dabiltza,
paperari musu ematen diote
eta mina desagertarazten dute.

Ikusiko zenduen poema honetan be ostertza agertzen dala, honegaz poemagaz hasi nintzen ostertzagaz pentsatzen, aurreko artikuluan jarri dodan argazkia billatu neban arte. Orduan bai, lehen esan bezala, ostertza ikusi neban, benetan zoragarria!

2005-03-17

Futbolaria izan nahi nuen

Hamabost urteko neska bat nintzen, kirola maite zuen gaztea, eta guztietatik gehien gustuko nuena futbola zen; nik futbolaria izan nahi nuen.

Nire herrian futbol-zale asko zegoen, gehienak Bilboko Athleticekoak zirelarik. Igandero partidak ikusten nituen "London" izeneko taberna batean nire aitarekin; oso ondo pasatzen genuen elkarrekin Athleticek gola noiz sartuko zuen itxaroten. Nire aitak Orbaiz gustuko zuen, jokalari ezin hobea zelakoan zegoen, teknika ona erabiltzen baitzuen. Nik, ordea, Etxeberria gustuko nuen, elgoibartarra zen jokalari hura nire idoloa zen. Haren jolasteko moduak erakartzen ninduen, eta baita beste jokalariekin zuen harremana ere. Tipo jatorra zen, beti besteei laguntza emateko prest zegoen.

Eskolan futbolean aritzen nintzen, hura bai nuela munduarekin atzetzeko modu bakarra; pilota hartu eta errealitateari adio! Kontatutakoak politegia dirudi ezta? politegia, bai, baina absurdoegia agian. Neska guztiek ez zuten futbola gustuko, egia esan, ni nintzen futbola gustuko zuen bakarra. Horregatik, mutilekin jolasten nuen. Zoriontsu sentitzen nintzen, neskek etengabe "matxo man" deitzen zidaten arren. Batzuetan goibeldu ere egiten nintzen, ez bainekien futbolean jolasteak nire betiko lagunetatik urrunduko ninduenentz. Orduan, hori pentsatzen nuen bakoitzean, nire lagun on batek esaten zuen esaldi bat gogoratzen nuen: "Izan zaitez zu". Esaldi hori gogoratu eta bete nuen. Nireak ziren erabakiak, irizpideak, ez nituen aldatuko, nire barnean nituen nahiak eta sentimendu guztiak egingo nituen. Absurdoegia izango litzateke, nire sentimenduak adierazteko beharra izatea, horiek zekartzaten zoriontasuna alboratu ezinez.

Honengatik guztiagatik, ni neu izan nintzen, nire ametsa inoiz lortuko nuelako esperantzaz; nik futbolaria izan nahi nuen.

2005-03-16

Zure oroitzapena borratuko dot...





Iraganeko sufrimendu izoztua


Ez neuke zugaz pentsatu beharko,
oroitzapenak min emoten deusta,
iraganaren parte zara ta
ez zaitut ene bizitzan euki nahi,

zure begirada samurra ta
ahoa erronka izan arren,

jakin badakit,
mosu emoten badeutsut
ezerk ez dauela zentzurik eukiko.

Ta ez dot ostabe
zurea izan gura,
maite zaitut,
baina ene ariman

geldituko zarela jakinda be,
mesedez,
gorrota nazazu! horrela
zure irudia ahaztuko dot.

Negar egingo dot,
baina ene malko bakoitzeko
zure oroitzapena borratuko dot...



Eskerrik asko Gernikako Mikeli izenburuagaz laguntzeagaitik ;-) Mosu bat. Jani

2005-03-15

Nire lehenengo artikulua

kaixo Janire Rodriguez naz eta hauxe dozue nire weblog honetako lehenengo artikulua. Eta galdetuko deustazue: zergatik ostertza izena?



Argazki polita e! Bai, bai... nire aurreko bitakoran dago. Arretaz begiratzen badeutsazue argazkiari, ostertza be ikus daikezue bertatik, horregaitik izen hori nire bitakorari... Begira, begira!