<< Literatura, bizitzeko modua besterik ez da >> J. Sarrionandia

2005-04-30

Ametsetako herria...

Patxitraperoren webloga ikusi eta ideia bat bururatu jatan. Eskerrik asko Patxi!



Bidaltzailea: Janire Rodriguez

2005-04-28

Espasante

Galiziako herririk politena ikus daikezue argazki honetan, inork ezagutu gura badauan informazioa daukat, urtero joaten naiz eta:


ESPASANTE (A CORUÑA)





Ba al dago politagorik? Baliteke... baina ederra da!

2005-04-26

Gernikako bonbardaketa

Gernikako bonbardaketaren 68. urteurrena dogu gaur. Trapagaranekoa izan arren bihotza erdibituta daukat:

Espainiako Gerra zibila hasi eta bederatzi hilabetera, 1937ko apirilaren 26an, Francoren aliatu alemaniarren aire-armadak Gernikako herria bonbardatu eban. Herrian azoka-eguna zan eta bertan bildutako herritarrei eraso eutsien. Garai hartako gerra-material aurreratuena proba moduan erabili eben. Herria txiki-txiki eginda utzi eben eta bonbardaketaren ondoren Mola jeneralak Gernika hartu eban. Frankok beti ukatu egin izan eban bonbardaketarekin zerikusia izan ebala; baina gaur egun, guztiz frogatua da aire-armada alemaniarrak Francoren baimena eta laguntza izan ebala.

Helburu militar barik (populazio zibila soilik jomuga alegia), munduan egindako lehen bonbardaketa Gernikakoa izan zan. Gertaera historiko hori gai hartuta Picassok hain ospetsua bihurtu dan "Gernika" koadroa pintatu eban.




Egun horretan hildako jendea beti geure bihotzean, betiko legez, norbait itzaltzen danean ez dalako hilkor bat amaitzen baizik eta hilezin bat hasten...


Informazio iturria: Elhuyar / Argazkia: Adasme

2005-04-25

Dana dino

Miruaren Hegaldia bitakora ikusten nengoala argazki bat aurkitu dot, artikuluaren izena "Dena dio" zan eta hunkitu egin nau, argazkiak dana dino bai... horregaitik bitakoran publikatzeko erabakia hartu dot. Sarritan uste dogulako sufrimendua bakarrik geure inguruan dagoala, arazoak bakarrik geuk daukaguzala, pozik bizitzeko pisuzko arrazoia badaukagulako (etxe bat, jatekoa eta edatekoa, maitasuna, ...) : ZORIONTSU IZAN!




Hi hintzena poema

Hamen daukazue Bernardo Atxagaren poemarik bitxienetarikoa. Ezetz emoten dau ezta? Ba emoten ez dauan arren oso bitxia da, konplexutasuna dauko eta oso esangoratsua da. Pentsatu zein dan "anphora" hitzaren esanahia, "bi arraia zaharren gurutzaketa"... azken finean, "galdu da, galdu haiz"... "hautsi da anphora"... :

Hi hintzena


Hi hintzena,
bi arraia zaharren gurutzaketa,
galdu da, galdu haiz,
hautsi da anphora;
Mila ispilutan multiplikatua,
ez haiz
azken irudi ezabatua baino;
Ilunez zipriztinatua bekokia,
eta hausterrez,
laberintoaren harri txintxarretan
zauritzen hire oin birjinak.

"Etiopia" eta "Nueva Etiopia" liburuetan
Atxaga, Bernardo
Musika eta ahotsa: Ruper Ordorika


Hurrengo artikulu batean poemaren esanahia...

2005-04-21

Gogoan betikotz

Aspaldi nire klasekoei poema anonimo bat dedikatu neutsien. Poema originala frantsesez idatzitakoa da, baina artikulu honetakoa euskaratuta dau eta aldaketa batzuk daukoz. Orain poema hori bardina geure bihotzetan bizirik dirauten lau gazteei be dediketan deutsiet, norbait itzaltzen danean ez dalako hilkor bat amaitzen baizik eta hilezin bat hasten... :

Gogoan edukiko zaituztet betikotz

Norbait itzaltzen denean
ez da hilkor bat amaitzen
baizik eta hilezin bat hasten.
Horregatik ene lagunen gorpuak
lur urrikaltsuari eskainiko dizkiot,
hortan goxoki lo egin dezaten ahaideen ondoan.
Ez diet agur esango, bainan laster arte.
Bihotza tinkatzen duen oinazeak,
tankako bakoitzean,
segurmena ematen dit:
ez dezakegu onar
hainbeste maitatu ditugunak
betirako galduak izan daitezen.
Maitatu eta galdu ditugunak
ez daude bizi ziren lekuetan,
bainan hor daude beti, gauden leku guztietan.
Hori hitz batez deitzen da,
hitz bat goxotasun eta amodioz betea:
Oroimena

2005-04-20

Bihotzak errepidean...

Oñatin, gaur, arratsaldeko lehen orduan, 13,20etan hain zuzen, lau gazteek haien bizitzako azken minutua ezagutu dute. 22 urteko Ane Miren Telleria, 25 urteko Amaia Uriarte, 22 urteko Mikel Urtzelai eta 20 urteko Aitor Oñate, oñatiarrak denak. Arratsaldeko 4retan jaso dut nik berria, Arrasatetik deitu didate eta.

Haien herrirako bidean autobus baten kontra jo dute eta akabo. Arrasate eta Bergara arteko errepidean, Oñatirako bidegurutzean gertatu da guztia. Autoa Oñatirantz zihoan, eta autobusa, berriz, Arrasatera. Kotxean joaten ziren lau gazteak hil egin dira. Autobusean zihoazen beste hiru pertsonek zauri arinak izan dituzte eta Arrasateko Ospitalera eraman behar izan dituzte. Hasieran, hildakoak autoan harrapatuta gelditu dira eta suhiltzaileek atera behar izan dituzte. Gogorra da gazte hauen heriotza, bai Oñatirako, bai Arrasaterako -Unibertsitateko Eskola Politekniko Nagusian ikasten baitzuten-, bai Euskal Herri osorako ere.

Arrasateko Unibertsitatea
k bi eguneko dolua egitea erabaki du. Halaber, gainontzeko fakultateetan egun bateko dolua agindu du.




Gazteak bihotzean betiko


2005-04-16

Nire poesiak 2005. urteko HATSAren POESIA olerki bilduman!

Aurreko artikulua idatzi eta Hatsa elkarteari nire argazki bat eta nire datuak bidali neutsazan, hiru poemakaz batera eta hara zein izan zan elkartearen erantzuna:

Janire, bai zure argazki datuak eskuratu ditugu. Aurten, 7. aldi honetan, zure eskaintzari esker, Hatsa elkartea, oraikoan ere, bere urteko bildumaren argitarazteko, bide onean dago. Euskal Herri osoko 80 bat olerkari heldu ezagutu edo ez ezagutuek bai eta ikastetxetako 100 bat haur-gaztetxoek parte hartuko dute bilduma honetan. Liburua, datorren apirilaren lehen igandean (3an), argitaratuko dugu, usaiako Poesiaren eguna ospatuz, Senperen, Oxtikenea deitu elkartetxean. Gomita geroxago bidaliko dizugu. Pentsa beraz ahal baduzu, egun horren gordetzeari.

Osasun on, Poesiaz beteriko bat opatuz, oraino esker mila zuri Janire!

Hatsa elkartearentzat, Auxtin Zamora.


Erantzuna irakurri ostean, izugarri poztu nintzan! Ez neban inondik ere ez horrelako erantzunik espero, egia esan, ez neban erantzunik ere ez espero. Aurretik lagun bati esan neutsan seguruenik ez nebala erantzunik jasoko, eta berak baietz esan eustan, e-maila bidali eta egunean bertan erantzuna izango nebala... Iker, asmatu zendun bai!

Jadanik liburua atara dabe eta espero dot laister nire eskuetan eukitea.

Amaitzeko gauza txiki baina garrantzitsua, askotan esan deutsuet, baina ostera ere, esan beharra daukat: eskerrik asko nigan sinisten dozuenoi! Mosu bat.

HATSAren POESIA

Gabonetan nire gurasoek olerki bilduma bat oparitu eustien, HATSAren POESIA liburua (2004. urteko Olerki Bilduma) hain zuzen, eta liburu horretatik Graxi Solorzanok idatzitako lanetako bat aukeratu dot nire bitakoran publikatzeko. Poema honek adierazten dauzen sentimenduak bihotza betetzekoak diralako hemen dozue:

Norbeitek erran daut: "Euskarak ez du deusetako balioa"...

Gorria, laranja, horia, ferdea, urdina, ubela
Zertarako holako margo azaua?
- Eta horiek egiten balute ortzadarra?

Pianoa, xirribita, harpa, xirola, klarineta...
Zertarako hoinbertze musika tresna?
- Horiek denekin osatzen balitz orkesta?

Eper, biligarro, ainara, errexinolet, huntza...
Zertarako xoriak milaka?
- Goiz aratsetako hauen dantza eta sinfonia
gure begi-beharrien loriagarria!

Zertarako, izai, fago, haritz, hurritzak
Sagar, udare, gerezi goxoak,
Hartz, orein, otso, pottoka, urtxintxak
Begi argi, urdin, ferde, beltzak
Zu, hura, gu, bertzeak...
Mundu huntan berdin badira guziak?

Hizkuntza bat gehiago edo gutiago
hau ez da arinki trenkatzeko
Bakotxak baitu berea baitezpadako
Norberarena altxor paregabeko
Gizartearentzat garrantzizko:
Desberdintasuna onartzea baita gako
Bidea bertzeak ulertzeko
Eta egiazko bakea pizteko.

Guk euskaraz dugu alaiki kantatzen
Bai eta plazetan pertsua gozatzen,
Pastorala Xiberun ekian preziatzen,
Lagunekin solas, irri, besta egiten.
Mundu hunek bere gustu eta usain ona
Laster galduko luke hau ez balitz hola.

Barnetik ateratzen duguna da mintzaira
Iraganari oraia eta geroa
Hizkuntzan zaio mendez mende lotua
Gure arbasoen zuhurtzia
Nasaiki euskararekin jariola...
Hauk emana baitugu segurtatuko
Ondokoentzat zer present paregabeko
Horri gogotik atxikiz gira askatuko.


Zerbaitegatik da adimenaren ogia, egia;
haragiaren egia, ogia;
gogoaren ogia
eta egia, ederkia.

J. A. Artze


Artikulu hau idatzi neban egun bardinean, Graxik egin eban legez, nire olerkiren bat bidali neutsan Hatsa elkarteari hurrengo olerki bilduman publikatzeko eta zorte ona euki neban... hurrengo artikuluan kontatuko deutsuet

2005-04-14

Julio Barrenetxea Txileko euskal poetari omenaldia

Julio Barrenetxea Txileko euskal poetari omenaldia egin deutse Txilen, hil zaneko 25. urtemugan. Txileko eta Israelgo Kultura Institutuak antolatuta egin dira Julio Barrenetxea Literatura Nazional saridunari buruzko hitzaldiak Txilen. Gil Sinay Txileko israeldarrak eta Miguel Laborde Duronea Txileko euskaldunak emon ebezan berbaldiak. Sinay abokadua eta unibersidadeko irakaslea da, eta Miguel Laborde idazlea, barriz, Barrenetxearen suhina. Biak dira Barrenetxearen lanean adituak, eta liburu bat baino gehiago idatzi dabe Txileko euskal poetari buruz.





Julio Barrenetxeak 1930ean kaleratu eban lehenengo liburua, 'El mitin de las mariposas' izenekoa. Hogeita sei urtegaz emon eutsen 1936ko Udalaren Poesia Saria Barrenetxeari, eta handik urte batzuetara Literatura Sari Nazionala jaso eban. Danetara, 14 liburu eta makinatxu bat artikulu idatzi ebazan.

Politikari ezaguna be izan zan Barrenetxea. 1931an, Txileko Unibersidadean Zuzenbidea ikasten ebanean, Carlos Ibañez del Camporen diktadurearen kontra altzau ziranen buru izan zan. Handik urte batzuetara, diputadu aukeratu eben. Aurrerago, Ganbarako presidentea izan zan eta berba egiteko trebetasunagaitik nabarmendu zan. 1945an, Txileko enbaxadore izentau eben Kolonbian, eta 1952ra arte karguan izan zan. Urte horretan, errefuxiatu politiko baten bizia defendidu eban eta kargua itxi behar izan eban horregaitik. Ondoren, Indian izan zan enbaxadore, Indira Gandhi gobernuburu zanean. Octavio Paz zan orduan Mexikoko ordezkaria Indian.

2005-04-13

Mis ojos se han apagado

Lenguako klaserako hiru deskribapen egin behar izan doguz eta hamen daukazue horietako bat, espero dot zuen gustukoa izatea:

Mis ojos se han apagado



Mucha gente cree que no son reales, pero lo son, al menos en los sueños. Yo conozco a uno de ellos. Un ser hermoso; alguien que no teme a nada, sin miedo a la locura, sin miedo a sonreír, sin miedo a ser feliz, porque su bondad puede con todo el mal que existe, con el silencio, con la oscuridad, con el miedo, con la nada. Es negro, negro pero sin negrura, porque en sus profundos ojos se refleja el brillante cielo –estrellas que relucen, deslumbran, iluminan el oscuro firmamento- reflejado en una gota, en una única lágrima. Miedo, tan sólo una lágrima que brota de una estrella, miedo, tan sólo unas lágrimas forman el inmenso mar. Pero ya te has cansado, tus ojos se cierran, se cierran y desapareces lentamente, estas preso, preso dentro de mí, porque esos ojos negros se han cerrado y no tienen esperanza. Sólo eres una ilusión dormida, entregada a esa esperanza de despertar y concebir lo que eras, una utopía.

2005-04-11

Askatasunik gabeko sentimendua II.

Hamen bitakoran ez dot esan klaseak ematen dodazenik, baina bai, klaseak emoten deutsadaz Trapagaraneko Josu izeneko ume bateri. 10 urte daukoz eta poeta on bat izan gura dauela esaten deusta beti. Poesia idaztea asko gustuko dau eta egun batean nik idatzitako bat irakurri eban, "Askatasunik gabeko sentimendua" zan poesia hori eta bion artean honako beste poesia hau sortu gendun izenburu bardinagaz:





Askatasunik gabeko sentimendua

Aska nazazu,
zure hegoetan
konfidantza dut,
hotza daukat,
lurreko eserleku tristean
pasatzen dut gaua.

Eraman nazazu,
eta nire bihotzak
mundua ezagutuko du,
bizileku berria:
askatasuna.

Uler nazazu,
ba al dakizu
zer den
kaiolan preso
egotea?
Lurrari loturik
egotea bezain tristea.


Josu eta Janire

2005-04-08

El ciervo escondido istorioa euskaratua


Orein ezkutua


Cheng-eko egurgile batek beldurtuta zegoen orein bat aurkitu zuen zelaian eta hil egin zuen. Inork egindakoaz jakin ez zezan, basoan lurperatu zuen eta hostoekin eta adarrekin estali zuen. Denbora gutxira, egurgileak lurperatu zueneko lekua ahaztu eta dena amets bat izan zela pentsatu zuen. Mundu guztiari kontatu egin zion, ametsa balitz bezala. Entzuleen artean bazen bat, zeina orein ezkutuaren bila joan zen eta aurkitu ere egin zuen. Bere etxera eraman eta emazteari hauxe esan zion:

- Egurgile batek orein bat hil eta lurpean sartu ostean lurperatutako lekuaz gogoratzen ez zela amets egin zuen eta orain nik aurkitu dut.

- Orein bat hil egin zuen egurgile bat ikusi zenuela zuk amets egingo zenuen. Benetan uste al duzu egurgile bat egon zela? Baina oreina hemen dagoenez, ametsa benetakoa izango da –esan zuen emakumeak.

- Oreina amets batengatik aurkitu nuela pentsatuz ere –erantzun zuen senarrak–, zertarako jakin ametsa zeinek eduki zuen?

Gau hartan egurgilea etxera itzuli zen, oraindik ere oreinaren gainean pentsatzen, eta benetan amets egin zuen, eta ametsan oreina non lurperatu zuen eta baita nork aurkitu zuen ere amets egin zuen.

Egunsentian bestearen etxera joan zen eta oreina aurkitu zuen. Elkarrekin eztabaidatu eta epailearenera joan ziren, arazoa konpon zezan. Epaileak esan zion egurgileari:

- Benetan orein bat hil egin zenuen eta baita ametsa zela pentsatu ere. Gero benetako ametsa izan zenuen eta benetan gertatu zela sinistu zenuen. Besteak oreina aurkitu zuen eta orain oreinarekin gelditu nahi da, baina bere emazteak senarrak oreina hil zuen egurgilea ametsetan ikusi zuela uste du. Gero, inork ez zuen oreina hil. Baina oreina hemen dagoenez, onena izango da bientzako izan dadin.

Cheng-eko erregea gertatutakoaz jabetu eta hauxe esan zuen:

- Eta epaile hori ez al da amets batean murgildurik egongo?


LIEHTSE (c. 300 a.C.).

2005-04-02

Londresen

Argazki polit hau interneten aurkitu dot eta hamen publikatzea erabaki dot nire poema bategaz batera. Pasa dan urtean Londresen egon nintzen -ahaztezina hiri hura-, eta poema hau idatzi neban, ez da nire poemarik luzeenetarikoa baina adierazgarria bai bada. Espero dot zuen gustukoa izatea bai argazkia bai poema:





Etxetik urrun

Orain Euskal Herritik urrun,
orain bai faltan zaitudala,
itsasoa dago gure artean
baina nik hurbil sentitzen zaitut.

Zuk diozuna:
zugandik urrun egon arren
itsasoaren amaieran
isladatzen naizela,
nik ordea, diotsut:
uran agertzen den irudia
nirea ez dela,
ezagutu zintudanetik
gatibu bainago
zure bihotzean.


2005-04-01

Haur besoetakoa

Orain dala urte batzuk Jon Miranderen Haur Besoetakoa liburua irakurri eta hauxe etorri jatan burura:



Urtarrila da, eta liburua irakurtzen hasi naz. Hamaikagarren orrialdera heldu eta hitz batek orrialdeak irakurtzeari iztea eragin deusta. Hitza haizea da. Haizea, itsasoko oihartzunen ekarle, parkeko zuhaitz ilunak… eta ni sala-leihoaren aurrean… Galiziako herri bat etorri jat burura, Espasante hain zuzen. Gauetik itzartu eta sala-leihoaren aurrean jartzen nintzalako, naturaz gozatzeko, itsasoan barrena ebilzan izurdeen edertasunaz liluratuta, itsasoaren kolore baltzaz, baltz argiaz, distiratsuaz gozatzen…

Orriak pasatu eta alaitasun hitza. “Alaitasun gabeko irri bat zuen bere gogoan”. Zenbatetan amets egin dogu zoriontasunean bizi izanagaz? Zenbatetan barre egin dogu tristetasuna barneratuz?... Ezjakintasuna nabari haurraren aurpegian, baina goibeltasuna somatzen da, gizonarenganako maitasunagaz batera.…Orain mosu zorabiatua…ahoan…mundu bat zalarik berez sekula amaitu nahi ez zan mosua. Azkenik, nekadura hutsaz alkar utzi behar izan eben eta gizona eseri zan… Iparragirreren bertso baten zati bat jatort burura:

Barkatu behar dituzu,
nire erokeriak,
zuri begira daude
nire bi begiak;
garbi esango dizut
nire ustez egia,
zoraturikan nauka
zure aurpegiak.

Gizona haurragaz jolasean, bere gorputzaz gozatzen, neskak ezer ulertzen ez daualarik. Maitasuna sobera, hau izutzekoa da, eta ni ez naz errazki izutzekoa, bizitzeak, gure zentzagarri krudel honek, asko irakatsi deusku eta, baina liburu honek beldurra ematen deusta. Honegaz batera, neskak sentitzen dauana argia dala esango neuke, bere osabarenganako sentimenduak nabariak baitira liburu osoan zehar, haien arteko maitasuna. Bestalde, esan beharra daukat mota askotako maitasunak existitzen dirala: adiskideei dagokiena, mutil edo neska lagunari dagokiona... argi dago nahi ez dana ez dala maitatzen, desiratzen dana bai, ordea. Maitasuna ez da borondate kontua, sentimendu kontua baizik, baina kasu honetan, gizonak haurra desiratzen dau eta haurrak bera maite dau... erlazio berezia benetan, eta azkenean zertarako? Haien biziagaz bukatzeko…

Amaitzeko, atsotitz bat etortzen jat burura: “Nunca sabes lo que tienes hasta que lo pierdes” gazteleraz esan ohi dan atsotitza hain zuzen, zer edo zer galtzekotan gagozanean etortzen jakulako burura. Leitekeena da gizonak haurra galdu nahi ez izana eta horregaitik egiten ditu hainbeste erokeria. Bera galtzeko beldurra dauka eta horregaitik haurraz abusu egiten bera galduko ez dauela uste dau. Ezin uler daiket zelan maite daitekean pertsona bat modu horretan: maitasuna eta abusua ez datoz bat…