Hona hemen IVAP-en 48. zenbakian agertu den Luistxo Fernandezek, interneteko enpresariak (aldizkarian agertzen den legez), idatzitako artikulua:
Blogak, blogak, blogak. Modako kontzeptua. Argitalpen azkarreko Interneteko webgune eredua. Albiste eta nobedadeak komentatzeko, primerako eredua. Zenbat blog euskaldun ote gaur? Atzo baino gehiago, eta bihar baino gutxiago.
Galduko gara informazio itsaso horretan? Ez ote da gauza gehiegi egongo Interneten irakurtzeko, jakiteko? Beharbada bai. Blog euskaldun guztiak egunero irakurtzerik ez da posible, bederen, termino humanoetan. Baina bai termino robotikoetan: 2005. urtean martxan jarritako ekimen berri batek,
Aurki.com-ek, blog euskaldun guztiak irakurtzen ditu, etengabe, eta haien azken nobedadeak antolatzen ditu albistegi kolektibo automatiko batean: Aurkik, gainera, blogen irakurketa harpidetza bidez egitea ahalbidetzen du, eta hori inportantea da, harpidetza bidezko irakurketa.
Ikusi dugu, adibidez, blogarien batek kezka zuela bere bloga bakartuta ez ote zegoen; monoblogoa ote zen bere jarduna. Beharbada bai: blog pertsonal bakoitza hedabide bat da, baina irismen txikiko hedabidea.
Denok ezagutzen dugu 20. mendean mass-medien eragina sinbolizatzera etorri zen esaldi famatu hura, Andy Warholek esana:
Etorkizunean denok izango dugu 15 minutuko ospea. Asmatu zuen Warholek. Mass-medien biderkatze eta irismen populista bazter guztietara iritsi da, eta gutako edozein txotxolok du aukra (eskubidea, esan genezake) telebistako talk-show estupido baten azaltzeko, Klaudio Landak elkarrizketa gaitzan. Bai, nire mutilaguna transexuala da eta gustura onartzen dut.
Baina orain 21. mendean bizi gara, eta mass-mediak barik, Internet dugu artikulu honetako gaia. Paradigma aldatu da. Ez du balio Warholen predikzioak. Beste bat da gaurko profezia fetitxea:
Etorkizunean denok izango ditugu 15 harpidedun.
Halaxe da, bai. Gutako edozein hedabide bihurtzen denean, bakoitzak bere mikro-audientzia izango du. Gure lagunek, gure etsaiek, gure seme-alabek irakurriko gaituzte... Geuk ere harpidetza batzuk jarraituko ditugu, ez beharbada masiboak, soilik guretzako inportanteak direnak.
Blogen audientzian, sareko beste alor askotan bezala, buztan luzearen kontzeptuak funtzionatzen du. Interneteko egia estadistiko bitxi bat da hau,
The Long Tail esaten zaio ingelesez. Adi grafiko honi:
Salmenta aukerak merkatu jakin batean. Horixe adierazten du grafikoak: produktu salduenak, ezkerraldean, asko saltzen dira. Katalogoko lau produktu salduenek milaka ale saltzen dituzte. Baina katalogoa luzatu ahala, bateko eta besteko aleak dozenaka edo banaka saltzen dira. Denda batean halako katalogoa gobernatzerik ez dago: asko saldu daitezkeenak bakarrik izan daitezke baldetan. Besteekin baldak okupatzea, dirua galtzea da.
Interneten, aldiz, katalogoa infinitoa da. Amazoni ez zaio kostatzen ale bat salduko duen diskoaren datuak datubasean gordetzea. Ez diote kentzen tokirik salduenei. Eta, izatez, gutxi-gutxi saltzen diren milaka diskoen artean, askoz gehiago saltzen du Amazonek superventas horiekin baino. Interes generalistek merkatu handia dute, baina gizarte anitz batean, milaka lagunen mikrointeres konbinatuek, merkatu handiagoa osatzen dute.
Informazioaren mundu editorialean ere berdin gertatzen da. Paperean edo ikus-entzunezko hedabide euskaldunetan, kirol informazioan, izan dezakegu informaziorik futbolaz eta txirrindularitzaz, dudarik ez. Interes generalistak dira, badute berezko merkatu handi bat. Mendigoizaletasunak, ordea, juxtu-juxtuan du jarraipena. Bere interes maila, buztan luzearen grafikoaren alor ilun eta argiaren artean, hor nonbait behar du. Xakeak, berriz, ez du tokirik hedabide euskaldunetan. Bere mikroaudientziak ez du justifikatzen. Grafikoaren alde argian dago xakezaletasun euskalduna.
Interneten, berriz, desberdina da. Interes anitzen merkatu anitza osa daiteke. Blogista bat behar dugu, ez besterik: xakeaz euskaraz idaztea okurritzen zaion bat. Eta izango du bere mikroaudientzia. Eta haren ondoan, beste hainbat mikro-hedabide, bakoitzaren mikro-audientziarekin. Horrelaxe osatuko da edukiaren euskal unibertsoa sarean. Behetik gora. Nola bestela? Nitxo bakoitza subentzionatuta? Euskal xakearen webguneari subentzio publikoa emanez? Errezil-sagarraren foroa Diputazioen babespean eratu?
Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat) hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi. Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko gure audientziarekin.